XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Izurrite arruntenak

Zorriak

Landarearen zati bigunak erasotzen dituzte.

Berdeak, horiak edo beltzak izan daitezke.

Eztena landarean sartu eta izerdia zurrupatzen dute, hura ahuldu eta zimurtuz.

Era berean birosiak, gaitzak, etab. transmiti ditzakete.

Zer egin?

- Erasoaz azkar jabetzen bazara, zorri bakanak eskuz kendu eta akabatu.

- Erasoa zabaldua badago Malathion-ez edo beste edozein intsektizida sistemikoz tratatu.

Kukurutxa

Era askotako kukurutxak daude.

Lapa antzeko oskol baten azpian babestuta bizi eta ugaltzen da.

Oskol hau itxura ezberdinekoa izan daiteke, marroia, kotoi-antzekoa, zuriska, etab.

Oskolpeko intsektuak eztena landarean sartu eta izerdia zurrupatu landarea zimelduaraziko du.

Enborrean bezalaxe, hosto eta adarretan kokatua aurki daiteke.

Zer egin?

- Alkoholez bustitako kotoi batez banaka-banaka kendu.

- Izurritea oso zabaldua badago, intsektizida sistemiko batez tratatu.

Armiarma gorria

Akaro edo armiarma txiki hauek (0,25 mm) heldutasunean gorri-gorriak dira eta landarean zehar mantso mugitu ohi dira.

Bere janaldien ondorioak landarean erraz nabari daitezke:

hostopean eta txortenetan amaraun edo armiarma-saretxoak ikus daitezke, hazkundea zapuztu egiten da (batik bat puja eta hosto berrietan), hostoek bere ohizko forma galtzen dute, koskorrak garatu eta zakartuz, hostaila horiztatzen da gero arretuz.

Zer egin?

- Landare berri bat ekartzean ondo miatu.

- Ingurune lehorra atsegin du armiarmak, beraz, onartzen duten landareetan, hostaila maiz ihinztatzea da prebentziorik onena.

Euli txuria

Gaztetan hostopean multzoka kokatutako ezkata berde itxurako harrak dira.

Heldutasunean landareen bueltan hegaka ibili ohi diren euli txiki zuri-zuriak.

Izerdia zurrupatzen dute hostoak zimeldu eta eroriaraziz.

Zer egin?

- Intsektizida sistemiko batez tratatu, hostaila bustiz edo sustraietatik landare osora zabal dadin lurpean sartuz.